Zer da Baratze Parke Sarea?

Gipuzkoako biztanleentzat egokituriko herri-baratza ekologikoen sarea.

Nork sustatzen du Baratze Parke Sarea?

Kutxa Ekoguneak sustatzen du Baratze Parke Sarea. Herri bakoitzeko Baratze Parkearen sustatzaileak berriz, dagokion Udala eta Kutxa Ekoguneak dira.

Norentzat dira Baratze Parkeak?

Udalerriko giza talde guztiek parte hartu dezakete Baratze Parkean: gazte zein heldu, erakunde zein elkarte, bertako zein kanpotar, langabetu edo langile.

Baratze Parke Sarearen mamia

Baratze Parke Sarearen helburu nagusia barazki ekologikoen auto hornikuntza bultzatzea izan arren, kalabaza baten antzera mamia haragitsua eta haziz betea du. Izan ere, honen atzetik hainbat kontzeptu ezberdin aurki baitaitezke:

  • Nekazaritza ekologikoa sustatzea eta hedatzea.
  • Gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak sustatzea.
  • Haur, gazte eta helduak ingurunearekiko errespetuan heztea.
  • Aisialdi aktibo eta jasangarria bultzatzea.
  • Euskal kultura eta hizkuntza sustatu eta hizkuntza aniztasuna balioan jartzea.
  • Herritarren artean produktu lokala, garaian garaiko eta ekologikoen kontsumoa bultzatzea.
  • Nekazal kultura herriratzea, ingurune urbano eta landatarraren arteko distantziak ezabatuz.

Baratze Parkeen diseinua

Baratze Parke guztiak ezberdinak diren arren, zenbait egitura errepikatzen dira guztietan:

Lursailen hedadura: 30 eta 60 m2-en arteko azalera dute partikularrentzako lursailak. Elkarte eta erakundeentzako 90 m2-koak dira ohikoenak.

Lursail mugatuak: baratza eremu bakoitzak bere mugak ongi definituak ditu.

Auzo instalakuntzak: Hainbat instalakuntza komunean erabiliko dituzte baratzezain guztiek, hala nola, etxola (biltegi eta aldagelekin), konpostaguneak, uraskak eta solastokiak.

Parkea dugu, bai itxuran, baita erabileran:  Baratze Parke bakoitza, lursail desberdinek osatzen duten arren, parke bakar baten itxura du, partzelen arteko mugarik gabekoa. Aldi berean, gune berdea bada baratzekideentzako, baita beste  herritar guztientzako ere.

Antolaketa

Hauexek dira Sareko Baratze Parkeen iraunkortasuna bermatzeko antolatu diren euskarriak:

Baratzekideen Elkartea: Baratze Parke bakoitzeko kideen beharrak eta betebeharrak bideratzen ditu Elkarteak. Sareko beste eragile ezberdinekin hartu emanak bideratzen ditu ere (Udala, beste Baratze Parkeak, Kutxa Ekogunea, e.a.).

Araudia: Baratze Parke bakoitza bere Udalerriak onartutako araudipean dago. Bertan baratzetako erabiltzaileen eskubide eta bete beharrak zehazten dira.

Diru kuota: Baratze Parke bakoitzeko erabiltzaileak bere Udalerriak onartutako diru-kuota bat ordaindu behar du, lurraren erabileraren truke.

Baratze Parke Sarearen zerbitzuak: Baratzetan sortzen diren beharrak kontutan hartu eta, urtetik urtera, parte-hartzaile guztiei zerbitzu sorta eraginkorragoa eskaintzen saiatzen da Sarea. Zerbitzuen artean: tailer eta ikastaro praktikoak, aholkularitza tekniko zuzena, Baratze Parkeen jarraipena, lurren emankortasuna mantentzeko zerbitzu eta produktuak, kartara zerbitzuak, baratzezaintzari buruzko informazio eguneratua, e.a.

Ezagutu Gipuzkoan martxan ditugun Baratze Parkeak

Partekatu