Tomatea gure baratzean barazki preziatuenetarikoa da, baina  baita buruhauste gehien ematen diguna. Gure klima heze eta epela ez da batere egokia landare honentzat; beraz, ondo zaindu beharko dugu hain estimatua den fruitua lortzeko.

Tomatearen etsairik handiena hezetasuna denez, hartu beharreko neurriak hezetasunari begira hartuko ditugu. Prebentzioa gakoa da mildiuari aurre egiteko.  

Hartu beharreko neurriak:

  • Landareen artean utziko dugun tartea zenbat eta handiagoa izan, askoz hobe. Hala ere, kontuan izanda askotan baratze txikiak izaten ditugula, 60 x 90  distantzia egokia izan daiteke.  
  • Tomateak ondoztatzea komeni da modu honetan sustrai gehiago ematen baitute eta landarea indartsuagoa izango baita.
  • Landarearen adar xurgatzaile guztiak kenduko ditugu eta gidari bakarra utziko dugu. Bestela,  landarea hostozabalegi hasiko da eta ez da modu egokian aireztatuko.
  • Ureztatzerakoan ez dugu inoiz landarea bustiko, kabailoi-ildoa ureztatuko dugu.
  • Landarea bustita baldin badago, ez dugu ukituko, modu honetan onddoak zabaltzen baitira.
  • Landareak 4-5 lore-sorta ematen dituenean, landarearen gidaria moztuko dugu.

Tratamenduak

  • Hamabostean behin azeri-buztanarekin egindako egosketarekin (%20) lainoztatu ahal izango dugu.
  • Jogurtak edo esne-gazurrak onddoa ez zabaltzen laguntzen dute (10 l uretan 1/2 litro)
  • Tomatea landatu eta uztailera arte, 15 egunean behin bordeles salda erabiltzea aholkatzen da (kantauri isurialdean). Ondoren, saiatuko gara bestelako aplikaziorik ez egiten landarea fruituak emanda egongo baita.

Partekatu