Baratzea modu ekologikoan lantzen dugunean izurriterik eta gaixotasunik apenas izaten dugun arren, beharrezkoa da horiek kontrolpean izatea, gure barazkiak alferrik gal baitaitezke.  

Ez dira asko gure baratzean arazoak sor ditzaketen izurriteak; beraz, ez ditugu produktu asko beharko kontrolpean edukitzeko. Hona hemen gehien erabilitakoen zerrenda:

Xaboi potasikoa Izurritea indartsuegia ez denean eraginkorra den intsektizida likidoa. Batik bat landare-zorriekin erabiltzen da. Uretan nahasten da eta landarea lainoztatzen; kontuan izan eraginkorra izan dadin intsektuak ondo busti behar direla. Ez badugu erosi nahi, gure etxeetan ohikoa den xaboi-pastilla ere erabil dezakegu. Bustigarri gisa ere erabiltzen da (lainoztatutako produktuak landareari hobeto itsasteko).

Neem edo piretrina Xaboi potasikoa baino intsektizida indartsuagoak dira. Izurriteari aurre egiteko xaboi potasikoa nahikoa ez denean erabili behar dira. Hauek ere uretan nahasten dira eta intsektuak dauden lekua lainoztatzen da.

Bacillus thuringiensis Bakteria hau edozein motako beldarrak hiltzeko erabiltzen da: aza-beldarra, tomateetan ateratzen den beldarra (kasu honetan, tomatearen lorea lainoztatzen da), patata-zomorroaren beldarra… Uretan nahastu beharreko hautsak dira. Asko erabiltzen den produktua da, oso espezifikoa baita; izan ere, ez du intsekturik hiltzen, soilik beldarrak. Gainera, landareari tratamendua eman eta egun berean jan dezakegu barazkia. Irakurri bakteria honi buruz gehiago...

Kobrea Bordeles salda, Kobre sulfatoa... hainbat nahasketa dira, batik bat tomatearen edo patataren gorrinari aurre egiteko erabiltzen direnak. Kobrea, metal astuna denez, bai lurrarentzat bai landareentzat kaltegarria da; beraz, erabilitako kopurua kontrolatu beharko dugu. Kobrearen erabilerari buruzko informazio gehiago

Fosfato ferrikoa Bareen aurkakoa, ohiko nekazaritzan erabiltzen den metaldehidoaren ordez nekazaritza ekologikoan erabiltzen dena. Gainerako animalientzat ez da kaltegarria eta usteltzean burdina ematen dio lurrari.

PRODUKTU EKOLOGIKOEN ZERRENDA (sakatu irudian handitzeko)

Partekatu