Baratzezaintza ekologikoaren ikuspegitik, gure landareak hazteko behar-beharrezko euskarria da lurra, gure landareak eutsi eta elikatzen baititu.

Baina, ba al dakigu zenbat eta zenbat diren gure oinen azpian bizi diren mikroorganismoak eta ze funtzio garrantzitsuak betetzen dituzten?

Lur gramo batean, 1.000 miloi mikroorganismo bizi dira, onddoak, bakteriak eta bestelakoak, eta bakoitzetik milaka espezie desberdin, batzuk ezagunak dagoeneko, beste asko eta asko oraindik ezagutzen ez ditugunak. Espezie bakoitzak lan bat betetzen du naturaren ziklo desberdinetan.

Baratzekin lotuta, mikroorganismoen laguntza dute jasotzen dute gure landareek hazteko behar dituzten elikagaiak lurretik xurgatzerakoan, lurrak elikagai mineralez aberasteko lanean dabiltza eten gabe, gure landarentzako kaltegarriak izan daitezkeen beste mikroorganismoak frenatzen dituzte, landareen arteko komunikazio lanak ere egiten dituzte.

Eta zer egin dezakegu baratzekideek edo zer ez dugun egin behar gure baratzetako lurra bizirik, osasuntsu mantentzeko? Oso arau xinpleak eta zentzudun hauek jarraitzea nahikoa da:

  • Ez lurrera bota oliorik, produktu kimiko edo toxikorik.
  • Lurreko mikroorganismoen aktibitate handiena pH-a 7 inguruan dagoenean ematen da. Horregatik, pH-a 7,5-etik gorakoa duten lur basikoak material azidoekin hobetzea komeniko litzateke (pinu azala edo txilarrarekin  egindako ongarria adibidez). Eta alderantziz, pH-a 6,5etik beherakoa duten lur azidoei karea bota beharko genieke 1-3 urtetik behin (200 gr/m2).
  • Lurra sasoian dagoenean bakarrik landu lurra. Oso hezia dagoenean lurra zapaltzen badugu, konpaktatu egiten da, lurreko poroak desagertzen dira eta airerik gabe gelditzen da lurra. Ondorioz, mikroorganimoak hil/gutxitu ere egiten dira.
  • Ongarri eta material naturalak eta organikoak erabili beti. Mikroorganismoen aktibitatea handitzen da karbono asko duten materialak lurrarekin nahasten ditugunean (lastoa, e.a).
  • Material edo ongarri komertzialen gomendatutako dosiak errespetatu, ez sekula gainditu. Baratze arrunt bat ongarriztatzeko, nahikoa da urtero ematea:
    • Behi simaurra erabiliz gero: 5 kg/m2.
    • Zaldi simaurra erabiliz gero: 2,5 kg/m2.
    • Ardi simaurra: 2 kg/m2.
    • Oilo simaurra; 1,1 kg/m2.
  • Lurra beti estalita edukitzea komeni da. Neguan ez badugu baratzea egin nahi, ongarri berdea erein dezakegu gure baratzean udazken aldera, hazten utzi eta hurrengo urteko udaberri aldera, loratu baino lehen, moztu. Ondoren, 20-25 cm-ko  geruzako lurrarekin nahastu egin behar da. Ongarri berdea erabiliz gero, neguan baratzeko lurra higatzea saihestuko dugu,  mikroorganismoak mantenduko dira eta aktibatuko dira ikaragarri ongarri berdea lurperatzerakoan.

 

INTERESATUKO ZAIZU

Partekatu