Baratze Parkeetan zein materia organiko erabili daiteke? Auzokidearen simaurra erabili daiteke? Etxean egindako konposta erabili daiteke? Auzoko dendan ekologikoa den ongarri ekologikoa dutela diote, baratzean erabili dezaket?

Baratzezaintza ekologikoan garrantzi handia ematen zaio materia organikoaren jatorriari, batez ere lurra eta lur azpiko urak kutsatu ez daitezen. Baina, lurra kutsatu daiteke materia organikoarekin? Bai, gerta daiteke. Horren adibide argiena simaurrak ditugu. Pentsuek dituzten osagaiak edo animaliei egindako tratamentuak kontrolatzen ez badira, simaurrean metal pisutsuak azaldu daitezke eta konpostatzen baditugu, hauen kontzentrazioa handitu egin daiteke, materialaren bolumena gutxitu arren, metalak ez baitira desagertzen.

Horregatik guztiagatik, Baratze Parkeetan erabili daitekeen materia organikoa honakoa izan daiteke:

  • Abeltzaintza ekologikoko simaurra. Mota honetako produkzioak bere etiketagatik bereizten dira.
  • Abeltzaintza estentsiboa. Identifikatzeko zailagoa da, baina oro har, hektareako animali kopuru txikia izaten dute, ingurunean  aske hazitakoak. Ukuiluan azpiak ez dira kutsatuta egon behar, argi naturala izan behar dute eta nagusiki larrean elikatuko dira edo inguruko bazkalekuetan bildutakoarekin.
  • Bilketa selektiboko konposta, materialaren garbitasuna bermatuko dutenak. Atez atekoaren edo 5. edukiontziaren bidez ondo bildutako materiala izan behar da eta analisien bidez aipatutako kutsagarririk gabeak direla frogatuz. Gipuzkoako Konposta kasu honen barruan legoke, A+ Kalitateko Konpost gisa  egiaztatua baitago eta Sandach baimena ere badu. Informazio gehiago
  • Konpost komertziala. Hainbat konpost komertzial daude: landare jatorri garbia dutenak, animalia jatorria dutenak, zizare-humusa eta animalia jatorria duten azpiproduktuak. Edozein kasutan, nekazaritza ekologikoaren etiketa ofiziala izan behar dute.

    

Partekatu