Zer da ongarri berdea?

Lursail bat erein, laborea partzialki garatzen utzi eta unerik egokienean, moztu eta lurrera gehitzeari deitzen diogu. Lur bakoitzaren ezaugarriaren eta sasoi bakoitzaren arabera, labore mota bat edo beste erabiliko da. Antzina praktika hau erabiltzen zen, batez ere, lekadunekin.

Ongarri berdearen funtzioak

  • Lurra muturreko tenperaturetatik eta higaduratik babesten du estalki bat sortzen duelako. Era honetan, zelaietan modu naturalean gertatzen dena errepikatzen dugu. Izan ere, neguan goldatzeak lurra kaltetzen du.
  • Jarduera biologikoa mantenduz lurra aberasten du eta lekadunen kasuan, aireko nitrogenoa lurrean finkatzen du bakteria baten sinbiosiari esker.
  • Laborantzaren ondoren, lurra aberasten du gehitzen dugun materia organikoa baita.
  • Basabelarren lehiakidea denez, hauen presentzia murrizten laguntzen du, batez ere dentsitate handiko ereintza bat baldin bada eta zekalea nahasten baldin badugu.
  • Lurraren egitura hobetzen du; izan ere, zekalearen kasuan, metro eta erdira arteko sustraiek lurrotzak apurtzen baitituzte.

Gehien erabiltzen diren landareak

Lekadunak izan ohi dira (ilarra, hirusta, babak...) lurrean nitrogenoa finkatzen baitute, baina, aldi berean, kruzifero edo gurutzedunak baliagarriak izan daitezke (errefaua, arbia...) eta baita gramineo edo lastodunak (oloa, ray-grass, zerealak...).

Ereite sasoia

Urria eta urtarrila bitartean ereiten da; laborantza produktibo batek baino alde handiagoa ematen digu; izan ere, hastea edo begetatzea da interesatzen zaiguna, ez fruitua ematea, eta hori udaberrian gertatzen da.

Ereintza metodoa

Motoaitzur edo aitzurrarekin ereintza-ohantzea prestatu ondoren, purraka eta eskukadaka erein behar da: nahasketa egin eta ontzian jarri ondoren, zuzen ibili eta eskukada uniformeak jaurti behar dira aurreraka eta zirkuluerditan. Azalera osoa ereiteko, pasillo paralelotan banatuko dugu lursaila.

Ebakitzeko garaia

Martxoko erdialdetik irailaren erdialdera ebakiko dugu. Zenbat eta berdeago moztu, lehenago bihurtuko da elikagai ondoren etorriko diren laboreentzat, baina lurrean ez  du denbora luzean iraungo. Aldiz, buruxka sortu arte eta kolore berdea galdu arte itxaroten badugu, materia organiko egonkorragoa gehitzen ariko gara, hots, elikagaiak modu mailakatuagoan zabalduko dira. Moztu ondoren lur gainean uzte da, lehor dadin.

Lurperatze lana

12-15 egun iragan ondoren rotabatorea edo aitzurraren bitartez, lehortutako landareak ahal den heinean birrindu eta lurrarekin nahastu behar dira. Udako landareak erein edo landatu baino lehen  beste lan arin bat egitea komeni da lurra goxo-goxoa geratu dadin.

Partekatu