Koko zuntza kokoaren azaletik sortutako produktu organikoa da. Azken urte hauetan, hondakin bat izatetik, erabilera desberdineko materiala izatera pasa da.

Baratzezaintzan ere bere lekua badu koko zuntzak, estalki-organikoa bezala edo lurraren testura hobetzeko material gisa erabil dezakegu eta.

Komertzializatzen dira gaur egun koko zuntzaz egindako manta organikoak, lur-estalki gisa erabil ditzakegunak. Beste lur-estalkiak bezalaxe, lurra mantarekin estali eta belar txarren hazkuntza saihestuko du, beste onuren artean.

Lur testurak hobetzeko material aproposa da ere: lur buztintsuak arintzen ditu, eta lur hondartsuen ura edukitzeko gaitasuna hobetu ere. Kasu honetan koko zuntza blokeak erabiltzen dira: materiala xehetu eta uretan eduki behar da erabili aurretik. Behin koko-zuntzak ura nahikoa xurgatu duenean, gure baratzeko edota lorontzietako lurrarekin nahastu behar dugu. Koko zuntzak lurraren testurak hobetzeaz gain, lurrari bizitza emango dio,  deskonposatu ahala, lurreko mikroorganismo onuragarriak ere ugalduko baitira.

Partekatu