Baratzea ekosistema bat da. Bertan hazten ditugun kultiboak okupatzen duten espazioarekin erlazionatzen dira, baita inguruarekin eta nola ez, bertan bizi diren milaka bizidunekin ere.

Eta zergatik izurriak edo gaitzak sufritzen dituzte gure baratzeko landareek?

Lurra, espazioa edo kultiboak modu desegokian erabiltzen ari garen seinale izaten dira landareen izurrite eta gaitzak. Praktika erraz hauek betez gero, gure kultiboak izurrite eta gaitz potoloetatik salbu egongo dira:

  • Askoz egokiagoa da baratze anitza edukitzea, monolaborantza praktikatzea baino. Baratzea anitza denean, anitzak izaten dira baratzera hurbiltzen den fauna-espezieak eta lurrean bizi diren mikroorganismoak ere. Aniztasun honetan patogeno bat izurri edo gaitza sortzeko adina ugaltzea oso zaila izaten da, oreka egonkorra lortzen baita espezie anitzak etengabe tokia eta energiarengatik lehian daudenean.
  • Bertako barietateak erabiltzea komeni da, bertako klima-baldintzetara eta lurretara ohituta baitaude.
  • Lur gorriek higatzeko arriskua dute. Gainera, eguzki izpiak lurreko mikroorganismoak ere kaltetu ditzakete. Horregatik, halakotan lurra estaltzea komeni da, lastoa, egur-txirbila edo beste material organiko bat erabiliz (Irakurri gehiago). Baratzea erabili behar ez dugun sasoitan ere ongarri berdeak erein ditzakegu (Irakurri gehiago).
  • Lurraren emankortasuna mantentzea funtsezkoa da, gure barazkien elikagaien iturri baita lurra. Horretarako:
    • Ongarri organikoak erabili behar dira, gure lurren ezaugarri eta hazten ditugun landareen beharren araberako material eta dosiak aplikatuz.
    • Errotazioak ondo antolatzen baditugu, landareek elikagaiak lurretik  modu orekatuan xurgatzea lortuko dugu. Aldi berean, izurri edo gaitzak toki berean irauteko aukerak murriztuko ditugu.
  • Zenbait landare elkartzea gomendatzen da: landare batzuek osagarriak dira elikagaiak lurretik ateratzeko orduan; beste batzuk berriz, ziklo osagarriak dituzte; zenbait barazki osasuntsu mantentzen laguntzen duten landareak ere, e.a. Hona hemen adibide batzuk:
    • Aza oso ondo hazten da baba, ilarra edo apioarekin batera.
    • Erremolatxa berriz ondo hazten da leka edo babarrunaren ondoan.
    • Azenarioaren ondoan porrua, baratxuria edo tipula jarri daiteke.
  • Lurrak ondo drainatzeko gaitasuna edukitzea komeni da, gehiegizko hezetasuna eta putzuak saihesteko. Ongarri organikoak edo silize-hondarra lurrean botatzeak lagunduko dute drainatze egoki bat lortzen.
  • Lurreko pH-a 7-aren ingurukoa edukitzen saiatu behar dugu, lurreko mikroorganismoak oso aktiboak egoten baitira pH tarte horretan, lurreko elikagaiak modu erabilgarrian mantenduz kultiboentzako.
  • Lurra bakarrik sasoian dagoenean landu behar da. Ez badugu lur-sasoia errespetatzen lurra trinkotu dezakegu, estruktura desegin edo lurrean bizi diren mikroorganismoak murriztu arazi ere.
  • Gaixo dauden landareekin erabilitako erreminta edo bestelakoak garbitzea komeni da beste landareekin erabili baino lehen.

Partekatu