Ezpela ohiko landarea da gure paisaian: zenbait landa eremutan bere gisa sortu eta zabaltzen da, eta lorategi partikular eta herritako parke eta gune berde askotan, hesi begetalak osatzen ikusten dugu sarritan.

Zoritxarrez, une honetan ezpela arriskuan dago, Asia aldetik etorritako Cydalima perspectalis intsektua gure lurraldean agertu den geroztik. Gaueko tximeleta hau 2007an Alemaniara iritsi ondoren, Europa osora zabaldu zen ziztu bizian. 2015ean lehenengo kalteak ikusi genituen gure inguruko ezpeletan eta gaur egun asko eta asko dira galtzen ari direnak. Berdin da basa-ezpelak izatea edo mintegitakoak... tximeleta honen harrak martxo aldera hasten dira ezpelaren hostoak eta enborraren azala jaten: kalte-mailaren arabera, ezpel batzuk berpiztea lortzen dute erasoaren ondoren, baina asko dira erabat ihartu eta hil ere egiten direnak. Adibide gisa hona hemen Endarlatza inguruko ezpeldiaren egoera:

Gure lurraldean intsektu honek etsai natural gutxi ditu: gure erleen artean hainbeste kalte sortzen ari den liztor asiarra (Vespa velutina) eta bi txori, etxetxoriak (Passer domesticus) eta amilotx urdinak (Parus caeruleus) jaten dituzte har hauek zenbait sasoitan. Txoriari harrak harrapatzea errazteko landarean uzten duten sarea garbitzea komeni da.

Une honetan Aldundiaren gomendioekin udal asko dira herriko lorategi, parke eta gune berdetako ezpelak tratatzen ari direnak, baina izurri hau galgatzeko guztien partaidetza ere behar da.

Horregatik, zure inguruko ezpeletara intsektu hau iritsi dela susmoa baduzu, Gipuzkoako Aldundiko Landaredia sailarekin harremanetan jartzea komeniko litzateke, 943.112.065 telefonora deituz, Cydalima perspectalis bera dela ziurtatu ahal izateko eta tratamendu-gomendioak jasotzeko.

Partekatu