Brassica sp.

Udazken-neguko baratzerako lurra prestatzen hasiko gara udan. Bertan, era mailakatuan, azak, brokoliak, azaloreak, eskarolak... garatzen hasiko dira. Kultura aniztasunari esker, gure baratzean bere txokoa hartzen ari diren aza asiarrak probatzeko une aproposa da.

JAKIN BEHARREKOAK

 Txina eta Japonian dute jatorria aza hauek.

 Ohiko azek dituzten antzeko beharrak dituzte, nahiz eta baieztapen hau batzuetan eztabaidagarria izan.

Aza txinatarrak gordinik, batik bat, entsaladan, zopan, haragiarekin batera eta menestran jaten dira.

 Bitamina eta mineral iturri esanguratsua dira. Kaloria gutxi eta zuntz kopuru handia duenez, dieta hipokalorikoetarako egokia da.

LANDAKETA ETA EREITEA

  • Landatzerakoan edo ereiterakoan ez dugu presa handiegirik izango; abuztuaren amaiera arte itxarongo dugu gure baratzean jartzeko.
  • Tipularen eta urazaren ostean konpost egoki batekin aberastutako lurrean jarriko ditugu eta 6-8 asteren ondoren, lehenengo azak hartzerik izango dugu. Aza hauek biltzeko oinarritik, lur-lurretik, moztuko ditugu.

 

Zeintzuk dira gure hazitegietan aurki daitezkeen azak?

PE-TSAI AZA TXINATARRA

Gure azaren antzerako zaporea duen barietatea da, baina, askoz suabeagoa da. Uraza erromatarraren antzerako kukulu luzea sortzen du arroz laboreen artean landatzeko nekazari txinatarrek egindako hautaketa bati esker. Landare hau 50-60 cm-ko altuera izatera iristen da eta 30 x 40 cm-ko landatze-markoa aurreikusi beharko genuke.

PAK-CHOI AZA TXINATARRA

Barietate hau aza arrunta baino gozoagoa da. Barietate honen hostoaren oinarriak jaten dira. Zerbarekin gertatzen den bezala, hostoak hipertrofiatuta egoten dira. Ez da 40 cm-ra iristen eta 30 x 30 cm-ko landatze-markoa erabiltzen da.

Partekatu