Metalezkoa ez den ontzian prestatzen dira. Plastikozko balde bat izan daiteke, aho zabala duen beirazko ontzi handi bat edo keramikazko treska bat. Belarrak edo bestelako osagaiak ur garbiarekin osatu, ahal baldin bada euri ura izan dadila (gutxi gorabehera 10 litro ur eta kilo bat belar). Kanilako edo txorrotako ura erabiltzen badugu, kloroa duenez, eguzkitan bi egunez jalkitzen utzi.

Prestatu ondoren, ur eta mindadun ontziak toki ilunean eta gerizpetan gordetzen dira, estali egin behar dira zikinik ez sartzeko, baina, airea sartzeko moduan utzi.

Egurrezko makila baten laguntzaz indar handiz eragin behar da egunero hainbat minututan oxigenoa sartu dadin eta  gero berriz estaltzen da.

Prestaketa prozesuaren aldiak:

1. Beratzea: Prestaketa hasten garen momentuan ematen da. Uraren eraginez, gai begetaletik sustantziak ateratzen hasten dira eta ia ez da bakteria garapenik ematen. Beratze-prosezuak 12 ordutik 3 egun bitartean irauten du, betiere, kanpoko tenperaturaren arabera.

Beratutako prestakina erabilitako landareen aterakina aplikatzeko erabiltzen da batez ere; normalean modu kontzentratuan, eta intsektu edo onddoei aurre egiteko erabiltzen da.

2. Hartzidura: Onddoen, legamien eta bakterien eraginez materia begetala usteltzen edo deskonposatzen hasten da. Aldi honetan, osagarri kimikoa aldatzen da; izan ere, hasierako sustantziak landareentzako entzima, aminoazido eta bestelako elikagai bihurtzen baitira. Hartzidurak aurrera egiten duen einean, hasierako sustantziak gutxitzen dira eta bakteriak eta hauek sortzen dituzten produktuak ugaltzen dira.Hartzidurazko prestakinak batez ere ongarri likido gisa erabiltzen dira: landare arteko lurra ureztatzeko edo lainoztatzeko, gehienetan, diluitu gabe erabiltzen da hostoentzako ongarri gisa.

3. Heldutako minda: Astebete edo bi aste iragan ondoren, bakteriek ia material osoa eraldatu dute. Hasierako sustantzia  eta elikagai gutxi azaltzen dira (hauek ere bakteriek irentsi baitituzte) eta bakteria kopuru handia azaltzen da  (300 eta 2000 milioi arteko bakteria aerobiko prestakin gramo bakoitzeko). Hasieran bakteria anitzak egon arren, hartzidura prozesuak aurrera egiten duen einean, espezie batek besteak ordezkatzen ditu. Garatzen den bakteria-kultura hasieran erabili dugun material begetalaren araberakoa da. Prestakina prest izango da hasierako materiala guztiz disolbatu denean (soilik zurtoinak eta zati gogorrak gelditzen dira). Kolorez ere aldatuko da (minda bakoitzak kolore ezaugarri bat izango du) eta oso usaintsua izango da (ustel-usaina); batez ere, likidoa irabiatzen dugunean.

Heldutako minda, normalean, lurra bakteriekin inokulatzeko erabiltzen da, 10 eta 20 unitate uretan diluituz (klororik gabe, bakteriak hil ez daitezen). Kasu batzuetan, izurriteei aurre egiteko modu kontzentratuan lainoztatzen da.

Partekatu