Kutxa Ekoguneak Baratze Parkea Sarea martxan jarri du Gipuzkoako hainbat herritan elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua eginez. Ordiziako Udalak bat egin du egitasmoarekin eta Gipuzkoako 19. Baratze Parkea zabaldu da bertan.

Ordiziako Baratze Parkea larunbat honetan inauguratu da. Ekitaldian erabiltzaileez gain, Jose Miguel Santamaria alkatea, Joseba Aranburu Ingurumen zinegotzia, Rosa Aurkia udal teknikaria eta Kutxa Ekogunearen eta Baratze Parke Sarearen ordezkari gisa Itsaso Olaizola teknikaria izan da, eta baita Ordiziako Kutxabank bulegoko zuzendaria, Idoia Goñi. 

Ordezkari bakoitzak proiektuaren ezaugarri eta helburu nagusiak nabarmendu ditu. Aranburuk proiektua gauzatu arteko jarraitu diren  pausoak azpimarratu ditu. Horrez gain, ‘Ordiziar guztientzako berdegune ireki eta berri bat prestatu dugu elkarlanean eta Baratze Parkeko baratze-kideek, baratzean arituaz, ingurumenarekiko eta elikadura osasuntsuarekiko sentsibilizazioa garatzeko eta  elkarbizitza eta elkarlanerako aukera paregabea izango dute’, esan du zinegotziak. Izan ere, larritasunezko egoeran aurkitzen diren kolektibo edo pertsonei beren kontsumo pertsonalerako erabiliko dituzten elikagaien laborantzarako eremu arautu bat eskainiko zaie.

Kutxa Ekoguneko Itsaso Olaizolak adierazi duenez, Baratze Parkeak erabiltzaile bakoitzari aukera ematen dio lursaila autokontsumorako eta era ekologikoan ekoitzi eta gainera, erabiltzaile guztien artean, modu komunitarioan eta auzolanean, Baratze Parkearen kudeaketa egiteko.

Ordiziako Baratze Parkea San Juan auzoan dago kokatuta. Bertara oinez iritsi daiteke modu errazean, baita bizikletaz ere, herrira doan bidegorria baliaturik. Parkeak 35 lursail ditu guztira. Hauetatik 31 lursail 30 m2-ko azalerakoak dira, beste bi handixeagoak dira eta, hauez gain, badira baita beste bi baratze-maila, mugikortasun mugatua duten erabiltzaileentzat.

Lursailen esleipena helburu soziala lehenetsiz burutu da eta  honela banatu dira lursailak eta erabiltzaileek hiru urtera arte luzatu  ahal izango dute baratzeen lagapena:

  • 6 baratza: Gizarte-egoera ahulagoa duten pertsonentzat eta interes bereziko kolektiboentzat  (langabetuak, AES hartzaileak eta ezgaituak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, eskolak, fundazioak, etab).
  • 2 baratze-maila: Mugikortasun mugatua duten pertsonentzat
  • 27 baratza: Gainerako herritarrentzat.

Baratze Parkea ondo ekipatuta dago. Parkearen sarreran dago kokatua etxola, erabiltzaileek aldagela eta erremintentzako biltegi gisa erabiliko dutena. Aterpe ederra du etxolak, eta albo batean, barazkiak garbitzeko arraska ere badu. Gainera, lursaila erabiltzeko eskubidea izateaz gain baratze-kideek eskura dituzte baita baratzean erabiltzeko erremintak, uraska eta konpost-gunea.

Ordiziako Baratze Parkeko kideentzat zerbitzuak

Baratze-kideek larunbatean bertan estreinatu dute parkea; izan ere, BARATZE PARKE SAREAK eskainitako “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa goizean zehar jaso dute. Ikastaroaz gain, Baratze Parke Sareko FURGOBARATZA zerbitzua ere izan da Ordizian, Sareko teknikarien eskutik, aurrez-aurre zalantzak argitu eta garaian garaiko landare eta plantel ekologikoa eskuratzeko.

Baratze Parke Sareak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere eskura dituzte jada Ordiziako Baratze Parkean, besteak beste: baratzeen lurren kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen txostenak, konposta eta egituratzailea eskuratzeko aukerak, tailer praktikoak eta dinamizazio ekintzak.

2012an proiektua hasi zenetik, 19 dira Gipuzkoan martxan dauden Baratze Parkeak: Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Berrobi, Irun, Villabona, Ikaztegieta, Beasain eta Ordiziakoa. Guztira, 1.181 lursail daude herritar eta elkarteen eskura eta 52.053 m2 azalerako baratzegintza ekologikora bideratutako lurra.

Partekatu