Baratze eremuan 57 lursail daude, 30 m2koa bakoitza eta helburu soziala lehenetsiz banatu ditu Udalak

Beasaingoa, Gipuzkoako baratze parkearen partaide izango da eta erabiltzaileek mota guztietako zerbitzuak jasotzeaz gain hiru urtera arte luzatu dezakete baratzeen lagapena

Helburu soziala lehenesten duten baratze sozialak gauzatu dira. Gudugarreta auzoko Ubiotz eremuan kokatu dira Estanda lantegiaren atzealdean erreka bazterrean eta guztira 57 lursail izango dira 30 m2 koa bakoitza. Ekogunea eta Caritas Sarea fundazioarekin elkarlanean, 20 partzela gorde dira Sarea fundazioa eta ikastetxeentzako eta gainerako 37ak berriz herritarren artean zozketatu dira, betiere behar gehien eta interes berezikotzat diren pertsonen artean.

Inaugurazio ekitaldian erabiltzaileez gain, Aitor Aldasoro alkatea, Edorta Diaz zerbitzuetako zinegotzia, Mikel Insausti Ekoguneako zuzendaria eta Sareako Intza Barandiaran izan dira besteak beste. Bakoitzak bere aldetik, bere helburuak nabarmendu ditu. Alkateak proiektua gauzatu arte zorroztasunez eman diren pausoak azpimarratu ditu. Aurreko legealdikoak 88 baratze aurreikusita zeuzkan egokia ez zen lurzoru industrialean. Oraingoan, 57 baratze gauzatu dira eta kokalekua lurzoru hiritarrera aldatu da; Estanda lantegiaren atzealdean lur lauak eta gozoak dauden tokira, baratzezaintzan aritzeko lur aproposak alegia. Proiektuaren diseinua Ekogunek Kimu Bat enpresaren bitartez gauzatu du eta guztira 214.651 euro aurreztu dira erabilera eta izaera soziala indartuz.

Kutxa Ekoguneak bere aldetik, elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du Gipuzkoako Baratze Parkea Sarearekin, Mikel Insaustik adierazi duenez, eta orain Beasain ekimenera batu da gaur Baratze Parkea inauguratuz.

Baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskainiko du. Aisialdi aktiborako topagunea izango da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz. Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira: lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, norberaren kontsumorako izango dira, inolako etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik izan gabe.

Beasaingoa Gipuzkoako baratze parke sarean

Baratzekideek ere gaur estreinatu dute parkea; izan ere, Sareak eskainitako “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa goizean zehar jaso dute, hemendik aurrera bakoitzak bere partzela lantzen hasi ahal izateko. Datorren urriaren 23ko arratsaldean furgobaratza zerbitzua ere hurbilduko zaie, lehenengo lan astetan sortutako zalantzak eta arazoei erantzuna emateko helburuarekin.

Sareak eskaintzen dituen beste zerbitzu guztiak ere eskura dituzte jada Beasaingokoek, besteak beste: asteroko boletina, Sareko ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duena, baratzeen egoeraren jarraipenak, tailer praktikoak, ekitaldiak, baratzetarako material desberdinak (konposta eta egituratzailea GHKri esker, erremintak Bellota-ri esker) edo http://baratzeparkea.ekogunea.eus webgunea: baratzekideek bertan aurki dezakete baratzeak modu ekologikoan kultibatzeko informazio praktikoa,ongarriztatzeko gomendioak, kartara-zerbitzuak kontratatzeko atala, aholku praktikoak, ekimenen agenda, argazki galeriak, e.a.   

Honekin batera, erabiltzaileek Jakoba Errekondo eta Antton Olariagaren Landareak lantzen urte osoko gida-liburua jaso dute baratzean, fruitu arboletan, lorategietan ea … noiz zein lan egin jakin ahal izateko.

Partzela erabiltzeko eskubidea edukitzeaz gain, erabiltzaileek erremintentzako biltegi eta aldagela gisa erabil dezaketen etxola dute bertan, uraskak eta auzokonposta egiteko guneak ere. Lursailak urtebeteko aldirako eman dira, baina epea hiru arte luzatu daiteke.

2012an proiektua hasi zenetik, 18 dira Gipuzkoan martxan dauden Baratze Parkeak: Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Berrobi, Irun, Villabona, Ikaztegieta eta Beasaingoa. Guztira, 1.115 partzela daude herritar eta elkarteen eskura, 51.125 m2 azalerako lurra suposatzen dutelarik.

 

Partekatu