EZAGUTU EZAZU EKOGUNEKO BARATZE ESKOLA

Zatoz eta ezagutu gertutik Ekoguneko Baratze Eskola:

… eta ezin baduzu etorri, egin ezazu oraintxe BISITA BIRTUALA irudian sakatuta:

Zer da Baratze Eskola?

2014an abian jarritako baratzezaintza ekologikoaren inguruko interpretazio-zentroa da Baratze Eskola, Kutxa Ekogunea parkean kokatutakoa.

Aire librean dagoen erakusketa da Baratze Eskola, didaktikoa, bizia, ekosistemikoa eta esperimentala, baratzezaintza ekologikoaren oinarriak bisitariari ulertzen eta aplikatzen laguntzen diona. Ibilbideak zazpi eremutatik pasatzen da, beste hainbeste gaiak azalduz, urteko sasoi bakoitzean landu daitezkeen landareak aurkezten duen bitartean.

Norentzat da?

Baratzezaintza ekologikoan interesa duten guztientzako irekita dago Baratze Eskola: Baratze Parke Sareko baratzekidea dena, eta ez dena, familiak, lagun-taldeak, turistak, jubilatuak edo ikastetxeak.

Baratze Eskolako eremuak

BARATZE AMA: barazkien ugalketarekin zerikusia duten edukiak daude bertan. Besteen artean, hazi bilduma bat edo landareen ziklo osoa ikusi ahalko du bisitariak (ohiko baratzetan ikusteko zaila). Haziak biltzeko eta gordetzeko tekniken inguruko informazioa ere topatuko du bertan bisitariak.

BITXI BIZIAK:. Eremu honetan, baratzek duen aniztasunaren eta bitxikerien inguruko informazioa topatuko du bisitariak. Izan ere, gaur gure herrian landare exotikoak direnak, bihar beharbada ohikoak izango dira, mendetan gertatu den bezalaxe. Haurrentzako erakargarriak diren landareak edo lore jangarriak ere badute txoko bat eremu honetan.

INGURUNEA: ezaugarri klimatiko, geologiko eta orografikoekin lotura estua du baratzeak. Izan ere, lurren portaera, erabiltzen diren teknikak, lantzen diren barietateak edo lan garaiak, tokiko baldintzapean daude. Horregatik, isuri kantauriarraren ezaugarriak azaltzen zaizkio eremu honetan bisitariari, modu ulergarri batean azalduta.

BIOANIZTASUNA:  Eremu honetan ekosistema kontzeptua oinarritzat hartuta, fauna mesedegarriak baratzera erakartzearen garrantzia eta teknikak topatuko ditu bisitariak, landare mesedegarrien lorategia edo izurri eta gaitzen aurkako sendagai naturalak nola egin eta erabiltzearen inguruko informazioa.

KULTURA:  Baratzezaintza iraunkor baterako teknika nagusiak erakusten dira bertan; hala nola, landaketa-markoak, errotazioak eta txandakatzeak, landareen uztartzea, lurrak prestatzeko teknikak, negutegiak, garaian garaikoak edo zurkaitz desberdinak. Beraien baratzeak antolatzeko zailtasunak dituzten Baratze Parke Sareko baratzekideek, eremu honetan topatuko dute ere, 30 m2-ko partzela-eredu bat, sasoiko kultiboekin, lagungarria izan dakiekeena.

LURRA: emankortasuna mantentzearen garrantzia azaltzen digu erakusketak atal honetan, baratzezaintza ekologikoak erabiltzen dituen teknikak azalduz: ongarri naturalak egin eta erabili, konposta egiteko teknika desberdinak, edo ongarri berdeen erabilera.

TEATRO TXIKIA: aurkezpenak, erakustaldiak, bilerak egiteko euskarri aproposa da eremu hau (80 bat pertsonentzako graderio bat du).

Paseatu nahi duzu oraintxe Baratze Eskolako eremuen artean?

Baratze Eskola bisitatu nahi dut. Nola?

Urte osoan zehar doako bisita libreak egin daitezke Baratze Eskolera.

Gainera, taldeentzako bisita gidatuak antolatzen dira (aukeran, maila orokorra eta maila teknikoa), Baratze Eskolak gordetzen dituen altxor guztiak aditu baten eskutik ezagutu nahi dutenentzako.

Boluntariotza Baratze Eskolan

Baratzean aritzeko  lursailik ez baduzu, baina baratzeko lanak profesionalen eskutik egiten ikastea gustatuko balitzaizu, egiteko aukera duzu Ekoguneko Baratze Eskolan.

Aktibitate honi esker, Baratza Eskolan auzolanean eta modu antolatu batean aritzeko aukera izango duzu, teknikari baten gidaritzapean. Ondorioz, Baratze ekologiko bat egoki kudeatzeko ezagutza praktikoa eta gaitasuna lortu ahal izango duzu.

Zure konpromisoa eskertzeko, barazki otar bat eraman ahalko duzu etxera, uzta garaian, eta Kutxa Ekoguneko ikastaro batean doan parte hartzeko aukera ere izango duzu.

Ekoguneko Baratze Eskolan boluntario lanetan aritzeko interesa baduzu, edo informazio gehiago nahi baduzu, mezu bat bidali ezazu helbide honetara: bpszerbitzuak@ekogunea.eus

Hezkuntza eskaintza

Ekoguneko Hezkuntza programa anitza da, unitate didaktiko eta ekintza desberdinaz osatuta, ikasleen adinaren arabera eta gai desberdinetan banatuta. Hauen arteko asko dira Baratze Eskolan gauzatzen direnak.

Partekatu